Ultzamako bailara

Ultzamako bailara Nafarroako ipar-ekialdean dago, Iruñea hiriburutik 25 kilometrora. 98 km2-ko azalera du.  Udalerria 14 kontzejuk osatzen dute.

Ultzamak 1.607 biztanle ditu, eta 16,4 biztanle/km2-ko dentsitatea.

Ultzamako paisaia  basoek, larreek eta soroek osatutako mosaiko baten modura agertzen da, eta horiek guztiek ahalbidetzen dute bailara lasai honen ezaugarria den bioaniztasuna. Bi ibaik zeharkatzen dute bailara, Ultzama eta haren ibai-adar txikia den Arkil.

Ultzamakoa Nafarroa hezeko  paisaia tipikoa da, erliebea ez da malkartsua eta landare geruza ugariz estalita dago, nagusi den atmosfera hezearen ondorioz.

Bailararen antolakuntzan herri-lurrek garrantzia handia dute, azaleraren %80 dira, eta gehienek baso erabilera izaten dute. Gehien-gehienak (bailararen %65) interes mikologikoa duten basoak dira(6.271 ha), nagusiki pagadiak (4.502 ha) eta hariztiak (1.004 ha).

Bailara kontserbazorako Europako Natura 2000 Sarean dago.  Bertako hariztiak babesturik daude, baita Belateko gainaren eskualdea ere, hango ekosistemen berezitasunagatik eta hari loturiko bioaniztasunagatik.

Jaitsi ezazu Ultzamako Bailarako gida-mapa PDF formatuan, eta bertan aurkituko duzu informazioa, besteak beste, gastronomiari, ostatuei, ibilbideei eta zerbitzuei buruz.