Ultzamako Parke Mikologikoaren helburuetako bat da bilketa iraunkorragoa sustatzea, eta toxikazioak saihestea. Hori dela-eta, hona hemen zizak bildu eta kontsumitzeko zortzina aholku.

Zizak biltzeko jardunbide egokiak

Kontu izatea perretxikoak biltzean

Perretxikoen eta inguruan dituzten landareen “sustraiei” kalte egiten ahal dieten tresnak (igitaiak, eskuareak…) erabiltzea saihestea.

Perretxikoak osorik biltzea

Perretxikoak ongi identifikatzeko osorik, oinaren oinarria barne, eta ongi garatuak (onduak) bildu behar dira.

Oso gazteak diren perretxikoak errespetatzea

Oso gazteak direla biltzen baditugu, perretxikoak ugal daitezen zailtzen ari gara eta gainera nahasteko arriskua handitzen da.

Plastikozko poltsak erabiltzea baino hobea da saskiak erabiltzea

Perretxikoak hobeki egoten dira saski aireztatuetan. Plastikozko poltsak ez dira egokiak, perretxikoak usteltzea lasterragotzen baitute.

Gehiegi zapaltzea saihestea

Gehiegi zapaltzeak lurra trinkotzen duela eta aireztatzea gutxitzen duela frogatuta dago, eta, honenbestez, perretxikoak ugaltzea oztopatzen du.

Perretxiko zaharrak edo/eta hondatuak errespetatzea

Gerta liteke perretxiko horiek ez izatea kontsumitzeko egokiak. Eta, gainera, nahasteko arriskua dago, espezie moduan ezaugarriak bere horretan ez edukitzean.

Hobe da bertan garbitzea

Perretxikoak mendian edo landan bertan garbitzen baditugu, hobeki kontserbatzen dira, zama gutxiago eramaten dugu eta perretxikoak ugaltzea laguntzen dugu.

Perretxiko pozoitsuak errespetatzea

Perretxiko guzti-guztiek, baita pozoitsuek ere, oso funtzio garrantzitsua izaten dute basoetan.

Zizak kontsumitzeko jardunbide egokiak

Perretxikoak ongi identifikatzea

Identifikatzean zalantzak izanez gero, ez dira inoiz kontsumitu behar perretxikoak. Izan ere, jan daitezkeen perretxiko gehienek beren doble edo ordezko pozoitsua dute.

Sineste faltsuak alde batera uztea

Ez itxura ona, ez usain ona, ez eta bareek perretxiko bat jatea –beste sineste faltsu batzuen artean-, ez dira arrasto onak perretxiko bat jan ote daitekeen edo pozoitsua den jakiteko.

Gordinik edo griselan eginda jatea saihestea

Perretxikoak gordinik edo ez oso eginak jatea digerigaitza da, eta, gainera, batzuk pozoitsuak izaten dira gordinik daudenean.

Perretxikoak 24 orduan jatea

Perretxikoak, oro har, oso produktu galkorrak izaten dira. Hori dela eta, komeni da lehenbailehen hozkailuan sartzea eta bildu eta handik hurrengo 24 orduetan prestatzea/jatea.

Gehiegi ez jatea

Perretxikoek digerigaitzak egiten dituzten gaiak izaten dituzte, eta, gainera, zenbaitetan intolerantziak eta alergiak sortzen dituzte.

Ez nahastea jan daitezkeen perretxikoak eta pozoitsuak

Biltzean batera jartzen baditugu, gero etxean egoki ez bereizteko arriskua dugu.

Kutsatuta dauden zonetan perretxikorik ez biltzea

Nekazaritzako lur landuetan, errepideen bazterretan eta hirietako lorategietan hazten diren perretxikoek osasunerako arriskutsuak diren kontaminatzaile kimikoak pilatzeko arriskua izaten dute.

Kontuz barrengorriekin

Barrengorriek (Agaricus sp) metal astunak pilatzen dituzte. Hori dela eta, komenigarria da garbitzea, zuritzea eta prestatzea, eta, edozein kasutan, neurriz kontsumitzea.

Klik egin botoian zizak bildu eta kontsumitzeko praktika egokien esku-orria PDFn.