Gibelurdin (Russula gr. cyanoxantha)

Deskribapena: Ziza honen kolorea aldatzen da espezien arabera, lau gibelurdin mota baitaude. Russula generokoa denez, haragi pikortsua du eta klariona bezala hausten da. Esnekiek ez bezala, ez dute latexik jariatzen.

Hona hemen espezie nagusiak:

  • Russula cyanoxantha (urretxa): nagusiki, morea.
  • Russula virescens (gibelurdina): berdea, eta kutikula pitzatu egiten da.
  • Russula heterophylla (gibelberde orrizuria): berdea.
  • Russula vesca (gibelarrosa goiztiarra): arrosa-krema kolorekoa.

Guztiek ere kontuan hartu beharreko ezaugarri berdin batzuk dituzte:

  • Haragi pikortsua dute eta klariona bezala hausten da (Russulen ezaugarria).
  • Haragia ez da mina (dastatu irentsi gabe puska txiki bat, gordinean).
  • Orriak eta hanka, zuriak.

Oso antzekoak diren ehunka russula daude; beraz, oso zaila da haietako bakoitza ongi bereiztea. Nolanahi ere, ez dago espezie toxikorik, haragia mina ez bada eta ongi prestatzen bada.

Noiz eta Non: Oihan hosto erorkorren espezie mikorrizikoak dira.Ekainaren erditik azaroaren erdira. Espeziearen arabera, fruitu-emateko garaiak desberdin samarrak izan daitezke. Udaberri bukaeran eta uda hasieran hasten dira fruitua ematen, batez ere Russula vesca eta Russula cyanoxantha delakoak. Uda hezea baldin bada, aukera handia dago fruitua ematen jarraitzeko, batez ere abuztuan.

Irailaren hasieratik urriaren hasiera arte da gibelurdinak biltzeko sasoirik onena. Pagadi eta hariztietan sortzen da, baina pagadian aurreratu eta hariztian atzeratzen ahal da.

Jangarritasuna: jangarri bikaina, Russula onenetariko bat eta Euskal Herrian preziatuenetariko bat.

Oharrak: Espezie multzo hau ugari biltzen da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Nahasteko arriskua: Hiltzaile berdea (Amanita Phalloides). Hankaren oinarrian bolba dauka eraztuna hankan eta haragi haritsua (egurra bezala).

Gibeloliba. Espezie honek txapelan ezkata finak ditu, orri horiak eta hanka gorrixka.