Gorringo (Amanita caesarea)

Deskribapena: Tamainaz ertaina-handia, txapela gorri-laranja kolorekoa. Hanka eta orriak, horiak. Bolba edo kosko esaten zaion zorro zabal bat du, zaku-formakoa; ale gazteek arrautza zurixkaren itxura dute, eta gero irekitzen da. Eraztuna du, eta txapelean errezelaren arrastoak.

Noiz eta Non: Hariztian agertzen da, bereziki basoetako soilguneetan, argi asko sartzen den lekuetan. Boletus aereus eta Boletus aestivalis espezieek fruitu gutxiago emten hasten direnean une aproposak dira espezie honendako, batez ere bero handia denean. Udako eta udazken hasierako ziza.

Jangarritasuna: jangarri bikaina. Esaten da zizen erregina dela, eta oso zapore fina du.

Oharrak: Espezie hau mehatxu-arriskuan dago Iberiar Penintsulan, oihan bakanduak atzera doazelako. Gomendagarria da espezie hau neurriz biltzea.

Nahasteko arriskua: kuleto faltsua (Amanita muscaria). Espezie horrek oin eta orri zuriak ditu, oso nabarmena ez den bolba ezkataduna eta garatxo txiki ugari.