Ilarraka (Clitocybe nebularis)

Deskribapena: Ziiza hau tamaina ertain handikoa da. Txapela grisaxka-zurixka du. Orriak dekurrenteak ditu, zuriak. Oso usain eta zapore bizia du.

Noiz eta Non: Nonahi agertzen den ziza da, alegia, edozein baso motan. Ziza saprofitoa da, eta basoko ibarretan hazten da ilara handietan orbela pilatzen den lekuetan. Ugaria izaten da irail erditik azaro bukaera arte, hala pagadian nola hariztian. Pagadian hasten da agertzen eta hariztian sortzen dira azken aleak.

Jangarritasuna: jangarri ona da, baina neurriz jan behar da. Izan ere, urtetik urtera, gero eta intolerantzia gehiago antzematen ari dira; beraz, gomendagarria da kopuru txikietan jatea.

Oharrak: Izugarri ugaria Ultzaman, eta jendeak aunitz biltzen du.

Nahasteko arriskua: 3 espezie toxikorekin nahasten ahal da.

Entoloma (Entoloma lividum). Orri eskotatuak ditu izokin-arrosa kolorekoak heldua denean, eta irin usain atsegina.

Clitocybe cerussata. Txapela 10 cm-ko diametro baino txikiagoa du, zurixka-gorrixka kolorekoa.

Clitocybe clavipes. Hanka grisaska, krema koloreko orriak eta usain suabea ditu.