Onddo hankagorria (Boletus erythropus)

Deskribapena: Ziza handia. Himenioan tutu gorri-laranjak ditu. Moztutakoan, haragiak kolore urdin bizia hartzen du berehala. Txapela nabarra da, iluna; eta horrek onddo preziatuak ekartzen dizkigu gogora (Boletus gr. edulis). Hanka puntu gorriak dira espezie honen ezaugarri nagusietako bat.

Noiz eta Non: Espezie mikorrizikoa da, ugaria hosto erorkorrekoetan, bereziki pagadietan. Udako ziza, abuztuaren erditik aurrera hasten da fruitu ematen, azaroaren erdira arte. Irailean eta urriaren lehen hamabostaldian sasoi betean egoten da. Pagadian aurreratzen ahal da; hariztian, berriz, atzeratu.

Jangarritasuna: Jangarri ona da, eta testuraz nahiz zaporez onddoen antz handia du (Boletus gr. edulis). Prestatutakoan, haragiak kolore krema-horixka hartzen du.

Oharrak: Ukitutakoan eta ebakitakoan, kolore urdin nabarmena hartzen duten onddoei “behi-onddo” esaten zaie; beraz, horrek esan nahi du bazterrotan ez direla batere estimatuak. Dena dela, espezie honek kalitate handia du sukaldaritzan. Ultzaman ugaltzen den baina gutxi biltzen den espeziea da.

Nahasteko arriskua: Bei-Onddoak (Boletus gr. Luridus). Poro gorri-laranjak ditu, hankan erretikulua eta haragia ebakitakoan urdin bihurtzen da.