Onddoak (Boletus gr. edulis)

Deskribapena: Tamaina erdikoak edo handi samarrak izaten dira, hur-formako txapela dute, nabar ilunak edo nabar gorrixkak. Hanka lodiak; zenbaitetan, oso lodiak, eta sare txiki bat dute hankaren goialdean, “erretikulua” esaten zaiona. Himenioa tutuz osatuta dago; hasieran, zuriak dira eta, helduaroan, halako kolore hori-berdekara hartzen dute. Haragia zuria da eta ez da kolorez aldatzen.

Lau onddo espezie dago (Boletus gr. edulis): Boletus aestivalis eta Boletus aereus (udan) eta Boletus edulis eta Boletus pinophilus (udazkenean). Udaberri bukaeran ere fruitua ematen ahal dute.

Noiz eta non: Pagadi eta hariztietan ekain erdialdetik azaro erdialdera.

Boletus aestivalis eta Boletus aereus
Udako espezieak dira ugariagoak hariztietan edo haritz eta pagoek osaturiko baso mistoetan. Espezie mediterraneoagoak dira, eta ekain erdialdera hasten dira agertzen.  Bi ugalaldi nagusi izaten dute, bat uztailaren lehen hamabostaldian eta, bestea, irailean. Bero handia eta ekaitz asko egiten dituen udak izaten dira egokienak boletus espezie hauendako.

Boletus edulis eta Boletus pinophilus
Udazkeneko espezieak ugariagoak pagadietan. Irail hasieran lehendbiziko euriteekin hasten dira, lehendabizi Ultzamako pagadi altuenetan, eta pixkanaka orokortuz joaten da bailarako behekaldean urrian. Tenperatura fresko eta hezeak behar ditu. Boletus pinophilus espezieak ekainean ere izaten ahal du ugalaldi bat.

Jangarritasuna: jangarri bikaina. Zaleek preziatuak eta estimatuak dira espezie hauek. Gordinik ere jaten ahal da.

Oharrak: Neurri gabe biltzeak eragin negatiboa izaten ari da Nafarroako eskualde batzuetako basoetan; hori dela-eta neurrian biltzea gomendatzen dugu.

Nahasteko arriskua: Bei-onddoak (Boletus gr. luridus).

Poro gorri eta laranja kolorekoak dituen espeziea, oinean erretikulua duena, eta haragia ebakitzean urdinxka agertzen da.